• 11
    EKA

     

    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuko lehendakari Patxi Lopezek boterera iritsi zenetik egin den lehen Euskararen Aholku Batzordean hartu du parte. Bertan esandakoen arabera, "garai berrietara egokitu behar du euskarak", eta egungo "asimetria" gainditzeko "bultzada aktiboaren politika" erabiliko duela iragarri du, besteren artean. Bestalde, kultura eta hezkuntzaren munduko hainbat norbanako eta eragilek Lopezen politikak salatzeko manifestaziora deitu dute, heldu den ekainaren 26rako, Donostian. Izan ere, Jaurlaritzak hartutako bidea kezkaz ikusten dute manifestaziorako deia egin duten "Euskal Herriak behar duen hizkuntzaren alde" agiria sinatu duten ehundik gora eragileek

     

     

    Patxi Lopezen Jaurlaritzak azken urte honetan herri euskaldunaren aurka abiatu dituen hainbat neurri izan ditugu hizpide orrialde honetan bertan behin eta berriz, eta ez da gutxiagorako. Azkenaldi honetan bakarrik, asko eta askotarikoak izan dira Lopezen Gobernuak ildo horretan hartutako eta euskal jendartearen sektore oso zabaletako kezka eta haserrea eragin duten neurriak. Azken asteotan soilik Jaurlaritzak euskarari zuzenduriko diru laguntzak milioi erdian murriztu ditu, Osakidetzaren kalitatea ebaluatzeko elementuetatik euskara kendu du eta euskal kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen babesa bermatzeko bidean urrats txikiak planteatzen zituen dekretua bertan behera utzi du. Horiek baina, azken asteotan egindakak baino ez dira, boterean daraman urteari erreparatu ezkero askoz gehiago izan baitira euskaraz bizi nahi duen herriaren aurka egindakoak.

    Hezkuntza eremuari modu kezkagarrian begiratzen diote hezkuntza eta kultura arloetatik datozen eragileek, eta urteetako lana galtzeko arriskuak kalera ateratzera behartu ditu. Euskal Herriak behar duen hizkuntzaren alde agiria sinatu dute 100 bat eragilek Ipar eta Hego Euskal Herrian, euskarak bizi duen egoera salatuz. Hala ere, Jaurlaritzari egiten diote dei bereziki, abiatu duen bidea geldiaraz dezan euskararen alde. Hori eskatzeko eta "euskara gutxiesten" duela salatzeko manifestaziora deitu dute Donostian, hilaren 26an.

    Bestalde, Euskararen Aholku Batzordeak bilera egin du gaur, lehenengoa, Patxi Lopez lehendakari denetik. Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana berrikustea izango da Jaurlaritzaren eginbeharretako bat lehendakariak esan duenez. "Garai berrietara egokitu behar du euskarak", eta horretarako eguneratu egin behar dira hizkuntza sustatzeko formak. Lan hori eta gehiago agindu ditu Lopezek, euskaldunon eskubideak "onartu eta garatuko" dituela agindu baitu, "pluraltasunetik eta herritarren hizkuntz eskubideetatik abiatuz" betiere. Euskararen Aholku Batzordea hezkuntza, gizarte eta instituzio arloetako 50 bat pertsonak osatzen du.  "Bultzada aktiboaren politika" iragarri du Lopezek gaztelaniarekiko egungo "asimetria" zuzentzeko, baina "modu orekatuan eta marginaziorik gabe, eta askatasunean", horixe baita "euskarak behar duen ingurua". 

    Eranskinak:

     

    Jaurlaritzaren hizkuntz politika salatzeko manifestaziora deitu dute eragileek Donostian, ekainaren 26an (Berria.info)

    Euskaldunon eskubideak "onartu eta garatuko" dituela agindu du Patxi Lopezek (Berria.info)